2021-(e)ko uztaila-ren 12-a, astelehena
Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN egitasmoaren hamabigarren deialdia egin du. Egitasmoa eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi duten 20-44 urte eta goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzeko. Zabalik dago izen-ematea eta 12.edizioaren xehetasunak uztailaren 29an online egingo den informazio saioan aurkeztuko dira.
Azken edizioetan bezala, edizio berri honetan ere prestakuntza-eskaintza indartzeko apustua egin da. Gainera, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egitekoa aukera izango dute eta edizio honetan, estreinakoz, ordaindu egingo zaie. Zehazki, zer landuko dute goi mailako ikasketak dituzten eskualdeko 20-44 bitarteko gazteek?
Programak, hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, partehartzaileek bogan den eta lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza teknikoa jasoko dute. Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko edizioetan zehar, guztira, 165 pertsonek hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).
Printzipioz, aurrez aurreko prestakuntzari eutsiko zaio; beti ere, segurtasun eta prebentzio neurri guztiak errespetatuta, jakina. Edozein kasutan, osasun egoeragatik aurrez aurreko saioak bertan behera geratuko balira, Urola Kostako Udal Elkarteak prest ditu baliabide guztiak, etenik gabe, programa online aurrera eramateko. Hala balitz, aurrez jakinaraziko zaie partaideei.
Informazio saioa
Informazio-saio bat egingo dugu interesa duten pertsona kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:
· Eguna eta ordua: uztailak 29, osteguna, 11:00etan
· Non: On line izango da; Gotomeeting plataformaren bidez.
· Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan.
Programaren xehetasunak:
Programak, hiru atal nagusi izango ditu: lehendabizi AKTIBATU fasea (zeharkako konpetentziak lantzeko), ondoren PRESTATU (prestakuntza osagarria) eta, azkenik, KOKATU fasea (praktikaldia enpresetan).
Argibideak eta izen- ematea:
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Plaza kopurua mugatua da (16 partaide, gehienez). Pertsona gehiagok izen emango balute, hautaketa prozesua egingo da.
Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan
Izen-emateari buruzko argibideak ere emango dira uztailaren 29ko informazio saioan. Edozein kasutan, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.
943 89 08 08 (Vanessa Garcia)
hazilan@urolakosta.eus // http://www.urolakosta.eus/eu/hazilan-programa