2017-(e)ko iraila-ren 19-a, asteartea

Amurrioko Udaleko Gazte Planak bekak eskaintzen ditu HAZILAN prestakuntzako parte-hartzaileentzat

HAZILAN programaren helburua da Amurrioko gazte kualifikatuek lan-esperientzia lortzea eta, hala, kalitatezko enplegua lortzea, jaso duten prestakuntzari dagokien eta lan egin nahi duten sektorean.

HAZILANeko parte-hartzaileek 20-44 urte bitarte izan behar dituzte, bai eta goi-mailako heziketa-zikloko, diplomaturako, lizentziaturako edo graduko ikasketak ere. Lanik gabe egon beharko dute, edo astean 20 ordutik beherako lan-kontratu batekin. Lehentasuna izango dute Amurrion erroldatutako pertsonek. Beka lortzeko, ezinbestekoa da HAZILANen parte hartu izana, Amurrion erroldatuta egotea eta dagokion eskaera egitea. Udalak 12 beka ditu parte-hartzaileei praktikaldian edo proiektua garatzean ordaintzeko. Horrela, sari ekonomikoa jasoko dute eginiko lanaren truke.

HAZILAN programan izena emateko epea irailaren 18an hasiko da.

Aurkezpen-jardunaldia

Urriaren 2an, 10:00etan, aurkezteko jardunaldi bat egingo da, ReforAmurrio Enpresaldean, programaren xehetasunak eta jarduera hori eskaini eta kudeatuko duten pertsona guztiak ezagutarazteko. Gainera, zalantzak argitzeko aukera ere izango da. Saio horretan parte hartzeko, izena ematea komeni da.

Eskuragarri dauden azken datuen arabera, 2017ko uztailean 719 pertsona arituko dira Amurrion aktiboki lan bila. Horrek esan nahi du langabezia-tasa % 14,4 dela. 719 pertsona horietatik 350 gazteak dira, 20-44 urtekoak. Gainera, ikasketa-mailari erreparatuz gero, 100 gazte inguru oso kualifikatuta daude. HAZILANen helburua da pertsona horien enplegagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea, kalitateko enpleguak bilatzen lagunduz eta horien kualifikazioak udalerrian edo eskualdean eragina izan dezan bultzatuz.

HAZILAN programa bigarrenez garatuko da Amurrion. Lehenengo edizioan 9 pertsonak parte hartu zuten, eta 2 proiektu garatu zituzten bertako enpresatarako. Balorazio oso positiboa izan zuten, 10 puntutik 9 puntukoa.

Kasu honetan, HAZILAN programak prestakuntza hauek eskainiko ditu: “Teknologia berriak eta marketin digitala”, enpresek langileengan eskatzen dituzten lan-trebetasunak lantzeko taldeko coaching-a eta enpresetako praktikak, edo negozio-ideia baten bideragarritasun-proiektuen garapena. Aurten, berritasun gisa, Amurrioko Udaleko Gazte Planaren babesarekin, prestakuntzan parte hartuko duten gazteek 600-850 euro arteko beka bat eskatu ahal izango dute hilean (onetsitako oinarrien arabera), praktikek edo proiektuen garapenak iraungo duten 4 hilabeteetarako.

"Teknologia berriak eta marketin digitala" zeharkako prestakuntza da, parte-hartzaile bakoitzaren kualifikazio teknikoa osatzeko sortutakoa. Helburua da metodologia eta aplikazio informatikoei buruzko ezagutzak eskuratzea, bai langileei, bai enpresei eraginkorragoak izaten laguntzeko. Halaber, marketineko joera berriei buruzko ezagutzak ere eskuratuko dira, Internetek jarduera-arlo horretan eskaintzen dituen aukerak direla-eta.

Praktikak egingo diren enpresak ez dira bertakoak izango soil-soilik, eta parte-hartzaile bakoitzaren intereseko sektorearekin lotuta egongo dira.

Bertako enpresentzako deialdia

Enpresek kualifikatuta eta inplikatuta eta behar bezala motibatuta dauden pertsonen lantaldeak izan behar dituzte; horregatik, gazteak aukeratzea funtsezko oinarria da enpresan, eta HAZILAN programaren bitartez egiteak, gainera, arrakasta-berme handiagoa eskaintzen du. Langile kualifikatuen premia bereziak izanez gero edo spin off bihur daitekeen negozio-ildo berri bat garatzeko asmoa izanez gero, jarri, mesedez, harremanetan agentziarekin.

Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du jarduera hau eta POPV FSE 2014-2020 HAZILANen esparruan garatzen da, % 50ean Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuta, eta Garapen (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) erakundeak koordinatuta.

Informazio gehiago eta izen emateak: Amurrio Bidean-en, 945891721 telefono-zenbakian, edo empresa@amurriobidean.org helbide elektronikoan.